Sara Gandara: “Bat-batean kazetaritzarekiko xarma galdu nuen, eta alde batera uztea erabaki nuen”

ImagenSara Gandarak (Lezama, 1981) hasieran ez zuen oso argi kazetaritza bere etorkizuna izango ote zenik. Hala ere kazetaritza ikasketak burutu zituen EHUn, eta 2004.urtean lizentziatu zen. Kazetaritzaren mundutik urte batzuk aldenduta igaro ondoren, interesa berreskuratu eta bueltatzea erabaki zuen. Asteburuetan Eguraldiko aurkezle gisa egiten du lan, eta, denbora gutxi barru, umorezko saio berri bat aurkeztuko du Oscar Terolekin batera.

EiTBko Bilboko egoitzan geratu gara elkarrizketa egiteko. Sarreran dagoen zaindariarekin bost minutu luze hitz egiten egon ostean, eskailerak jaisten ikusi dut Sara Gandara. Dotore jantzita dator, makilatuta eta ilea motots batekin jasoa, gaur ere eguraldiko saioa aurkeztu behar baitu. Asteburua dela nabaria da erredakzioko mahaietan, erdia baino gehiago hutsik baitaude. Eskailerak igo eta gela batean sartu gara elkarrizketa patxadaz egiteko. Agurtu aurretik EiTBren egoitza erakutsi dit, eta Teleberri albistegiak nola egiten diren ikusteko aukera izan dut, bertan zuzenekoa egin behar izan duela aprobetxatuz.

Zerk bultzatu zintuen kazetaritza ikasketak egitera?                                                 Selektibitateko proba oso txarto egin nuenez, batxilergoko batez besteko nota asko jaitsi zitzaidan. Aukera askorik ez nituen, eta, gainera, ez zitzaidan bereiziki ezer gustatzen. Baina kazetaritza ikasteko nota soberan nuenez, eta publizitatearekin amodiozko istorio baten antzekoa nuenez, bertan sartzea erabaki nuen. Kazetaritzako ikasketekin hasi, eta gero publizitatera aldatzea zen nire hasierako ideia, baina kazetaritzako aurreneko bi urteak egin ostean,  gustatu egin zitzaidan eta aldaketarik ez egitea erabaki nuen.

Nolakoak izan ziren zure hastapenak?                                                                          Oso gogorrak (barre). 2004an lizentziatu nintzen, eta jarraian EiTBko kirol erredakzioan praktikak egin nituen. Hasieran kontratu laburrak egin zizkidaten;  gabonetan, aste santuan  edo norbaiten oporretan lan egiteko. Leku askotan egin nuen lan; Deia egunkarian, produkzio-etxe batean, Hamaika Telebistan… Horrela bi urtez aritu nintzen, baina bat-batean kazetaritzarekiko xarma hori erabat galdu nuen, eta alde batera uztea erabaki nuen. Ezin nuen horrela jarraitu,  bi aste lanean eta hiru hilabete dei baten zain, lan finko bat behar nuen, hilabete bukaeran kobratu ahal izateko.

Hiru urte kazetaritzatik aldenduta igaro ostean, kazetaritzarekiko interesa piztu zitzaidan berriro, eta Jose Ituarterekin hitz egin nuen lan-poltsan berriro sartzeko prest nengoela esanez.

Hamaika Telebistaren hastapenetan ‘Bat eta bat’ gaueko magazinea aurkezten zenuen. Zein oroitzapen dituzu?                                                                      Egia esan, oso oroitzapen onak ditut. Hamaika Telebistan kameraren aurrean lan egitera ikasi nuen, ordura arte kameraren atzean egon nintzelako erredaktore lanak egiten. Urtebetez esperientzia hori probatzen egon nintzen, eta, momentu askotan, inprobisatu behar genuen ez genekielako zer zetorren.

Orain arte egon ez den beste telebista eredu bat da Hamaika Telebista.    Niretzako bai, Hamaika Telebistan bitarteko gutxirekin asko egiten delako. Ez dut esan nahi EiTBn dena oso erraza denik, eta bakarrik nire burua kamera aurrean jarri eta hitz egiten dudanik. Azken finean, lan bakoitzak bere zailtasunak ditu, baina, bereziki Hamaika Telebistan lan egitea, oso onuragarria izan zen niretzako.

Kiroletan lan egitea zure betiko ametsa izan da.                                                      Hala da, bai. Mutilekiko oso gertukoa izan naiz betidanik. Eskolan zortzi lagun ginen, horietatik sei mutilak ziren eta atsedenaldietan futbolera jokatzen genuen, egunero. Eskolan ere, areto futbolera jokatzen ikasi nuen, eta horretan aritu izan naiz urte askotan zehar.

Nola ikusten duzu genero berdintasunaren kontua?                                                      Gero eta emakume gehiago gaude lanean. Nire ustez, gizonezkoak betidanik aritu diren eremu itxi bat izan da,  baina duela urte batzuetatik ona, egoera hori aldatuz joan dela uste dut. Bederatzi urte daramatzat honetan lan egiten, eta beti ezagutu ditut neskak kirol erredakzioetan. Gainera, futboleko mundialean Sara Carbonerorekin egon zen boom-az geroztik, telebistetan emakume gehiago sartu dituztela iruditzen zait. Ez dakit irudi aldetik edo zergatik egiten duten, baina egia esan, uste dut momentu hauetan ez dagoela alde handirik neska eta mutilen artean. Azken finean, lana, lana da, eta berdin dio neska batek edo mutil batek kontatzen duen.

Kirola praktikatzerakoan aldiz, oraindik alde handia dagoela uste dut. Bururatzen zaidan adibiderik argiena emakumezkoen Athletic taldea da. Neska hauek euren aste bukaerak sakrifikatu dituzte partiduak jokatzeko,  ezeren truke. Azkenaldi honetan zer edo zer ordaintzen diete, baina mutilei ordaintzen dietenarekin konparatuz, oso gutxi da. Kirol batzuetan alde hori nabariagoa da beste batzuetan baino; nire ustez, golfean edo tenisean dagoen aldea ez da hain handia. Hala ere, egoera hori noizbait aldatzea gustatuko litzaidake, berdintasuna edozeren gainetik egon beharko lukeelako.

Kiroletik eguraldira. Nola proposatu zizuten eguraldia aurkeztea?                   Kiroletako nire ibilbidea amaitzear zegoenean, pasiloen artean Urko Aristirekin izan nuen elkarrizketa batek telebistan jarraitzeko aukera eman zidan. Eguraldiko aurkezle berria izatea proposatu zidanean baietz esan nion, asko pentsatu gabe.

Nolakoa izan zen aldaketa?                                                                                                Oso bortitza. Kirolen inguruan hitz egitera ohituta nengoen, azken finean gehien dakidan gaia delako. Ez nuen probak egiteko denbora askorik izan, udan arraunetako programa aurkezten egon nintzelako. Neure burua oso estu ikusi nuen hasieran, gorputzaren keinuak kontrolatzea kostatu zitzaidan.

Eguraldiko hizkuntza menperatzea kostatu zitzaizun?                                                 Bai. Terminologia nahiko zaila da, baina pixkanaka menperatzen joan naiz, eta, meteorologoa gertu daukagunez, zalantzaren bat izatekotan gerturatu eta galdetu egiten diot. Nik bi hizkuntzetan aurkezten dut, eta momentuan hizkuntza batetik bestera aldatzea oso zaila da. Askotan, hitzak asmatu eta grabazioa errepikatu beharra dugu.

[Elkarrizketaren erdian, ordua begiratu du eta Teleberri-ko albistegietan zuzenekoa egiteko geldiunea egin dugu. Esan behar duenari azken errepasoak eman ondoren, platoan sartu gara eta mikrofonoa ipini du. Minutu gutxi itxaroten egon ostean, aurkezleak hitza eman dio, eta eguraldiko iragarpenaren berri eman du. Ondoren, elkarrizketari ekin diogu berriro ere]

Ikusleak eguraldiaren parte dira.                                                                           Ikusleak  programako parte oso inportantea  dira, eta, hor feedback moduko bat dago. Argazkiak bidaltzen dituzten  ohiko ikusleak daude, ez dutenak inoiz kale egiten eta lana errazten digutenak, esate baterako; Lorentxo Portularrume, Ramon Beitia  edota Juan Lameirinhas.  Gu ezin gara leku guztietan egon, eta ikusleek bidaltzen dizkiguten irudi guztiak asko eskertzekoak dira.

Eguraldiaren mapa berriak polemika handia sortu du…                                            Aldatu al dute eguraldiko mapa? (barre). Horren inguruan ez daukat askorik esateko, azkenean nik nire iritzia daukat, eta nirea izatea nahiko nuke, baina nik uste dut ‘mapa’ berarena ez dela hainbesterako kontua, atzetik kutsu politiko handia dagoelako. Nik ez dut politikaz hitz egingo, alde batetik, ez daukadalako ideiarik, eta bestetik, ez zaidalako interesatzen. Azkenean gu gara maparen aurrean gaudenak, eta kritika guztiak jaso behar ditugunak aurpegia emateagatik. Nire ustez, mapa ez da askorik aldatu, baina norberak bere iritzia dauka eta iritzi guztiak oso errespetagarriak dira .

Oscar Terolekin batera ETB2ko programa berri bat aurkeztuko duzu: Ya queda menos. Zertan datza?                                                                              Programaren asmoa gaurkotasuna duten albisteak eta umorea uztartzea da. Niretzako, erregistro aldaketa berri bat izango da, orain arte albistegiak eskatzen duen zuzentasuna jarraitzen egon naizelako, eta laster estreinatuko dugun programa honek umorezko informatibo baten antza izango duelako.

Egungo krisiarekin, zaila da kazetaritzan lekua topatzea?                                   Hemendik kanpo euri asko egiten ari du. Kazetaritzan oso zaila da jardutea, eta askoz zailagoa enpresa pribatu batean. Nire kasuan, DEIAn bi urte eman nituen, baldintza eskasetan lan egiten eta egun batetik bestera kaleratu ninduten. Produkzio-etxean ere, bi urte bertan eman ostean, programa kendu eta kanporatu ninduten. Telebistan ere zerbait aldatzen dagoela nabaria da, egun batetik bestera lankideak ikusteari uzten diezulako, eta audientzia txarra egitekotan, akabo. Kazetaritza gaizki ordainduta dagoela uste dut.

Zure ustez nolako eragina izan dute sare sozialek kazetaritzan?                            Sare sozialetan gauza ugari esaten dira, eta albiste bat ezagutzeko erraztasun handia ematen dutela uste dut, nahiz eta albiste hori egia ala gezurra izan daitekeen. Twitterren esaterako, kazetari serioak daude informazio zehatzak jartzen dituztenak; beraz, uste dut sare sozialek informazioa eskuratzea asko errazten dutela.

Hala ere idatzizko hedabideak kaltetzen dituzte…                                                          Egia da hor eztabaida luzea eta sakona dagoela, baina interneten argitaratzen diren albiste horiek norbaitek idatzi behar ditu. Interneten dauden edukiak eskuragarriagoak dira, eta zehaztasun handiagoarekin bilatzeko aukera dago, denbora askorik galdu gabe. Aldaketa, kazetaritzako alor guztietan ematen ari da, ez bakarrik prentsa idatzian, eta aldaketa horretara denok egokitu behar gara.

Kazetari balioanizduna                                                                                                             

1981, Lezama. Kazetaritzan  lizentziatua. Bekadun hasi zen ETBko Kiroletako erredakzioan, eta ordezkapenak egiten lan egin zuen 2005. urtera arte. Kazetaritzarekiko xarma galdu zuenean, aldentzea erabaki zuen, baina hiru urteren buruan, berriro ekin zion kazetaritzan lan egiteari.                                                                                                         Idatzizko prentsan hasi zen, kiroletako erredakzioan ordezkapenak egiten zituen bitartean.  Produkzio-etxe batean lanaldi-erdiak bete zituen (Nickdutnik), itzulpen lanak ere egin zituen (Mara-Mara eta Abenturaroa) eta Hamaika Telebistan ere aritu zen. 2011tik 2012ra bitartean, kiroletako tartea aurkeztu zuen Gaur Egun-en, eta ‘Zu Kirolari’ saioa baita ere. 2012ko udan ‘San Miguel’ Ligako emankizunetan aritu zen lanean.             Kiroletan bukatzear zegoela, Urko Aristirekin izan zuen elkarrizketa batek telebistan jarraitzeko aukera eman zion. Laster, ETB-2n umorezko programa berri bat aurkezten ikusteko aukera izango dugu, Oscar Terolekin batera. Denetarako prest dagoen kazetaria da Sara Gandara, eta, etorkizunean, irratia probatzeari ez lioke uko egingo, nahiz eta momentu hauetan telebistan gustura egon.

Advertisements
Post hau Elkarrizketak atalean eta , , , , , , , , , , , , laburpen hitzekin publikatua izan da. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s