Sopela ala Sopelana?

Sopelako Udalak lehen urratsak eman ditu udalerriko izen ofiziala ‘Sopelana’ izatetik, Euskaltzaindiak araututako Sopelara aldatzeko.

Imagen

Sopela, Kantauri kostaldean kokaturik dagoen udalerria da, Bilbotik 21 kilometrora. Bizkaiko herririk zaharrenetariko bat da, eta 60ko hamarkadaren amaieran, Sopelako biztanleria gehienak nekazaritzan jarduten zuen. Hala ere, horretako zati txiki batek Plentziako edota Butroiko industrietan egiten zuen lan. Baina 1960-1975 urte bitartean, biztanleriak gorakada handia izan zuen, eta herri txiki honen kultura eta ohiturak aldatuz joan ziren.

Askotan, toki batean xehetasun antzinakoenak ezagututa ere, herri baten etimologia zein den jakitea zaila da. Modu horretan, Sopelaren etimologiari buruzko informazioa eman zigun lehen pertsona Juan Ramon Iturriza eta Zabala historialaria izan zen. Bere “Historia General de Vizcaya” liburuaren barruan, 49.atalburuari honako hitz hauekin eman zion hasiera: “Itsas aldera ikuspegi ederrak dituen goragune batean kokatzen da Sopelanako Elizatea…”. Horregatik, uste da bera izan zela ‘Sopelana’ izena erabili zuen lehen historialaria. Baina, Iturrizaren lanari, oharrak eta aurkibidea erantsi zizkion Angel Rodriguez Herrerok, eta liburu horretan ematen diren etimologia datuekin kontuz ibili behar dela ohartarazten digu.

Txopek eraikitako lekua                                                                                                                                                                                                                                                                  Koldo Mitxelena irakasleak, Sopelana’; ‘Txopel-ana’, ‘Lope’ izenaren eratorpen txikigarria bezala osatutzat ematen du, XV.mendetik euskal izendegian egongo litzatekeena, edo, beharbada, aurrez erabilia izan zena. Sabino Arana Goirik, “Tratado Etiologico de los Apellidos Euskerikos” idatzi zuenean (1895eko Apirilaren 24ko “Bizkaitara”, 25 zenbakia) ‘Txope’ izena ‘Lopecito’ hitzaren euskarazko ordaina dela esaten du. Jatorriz, izen arrotzak badira ere,  bere egitean, bere idazkeran, aldakuntza jasan zuten, euskarazko era hartuz. Inolako aldakuntzarik jasan ez dutenak, ezin dira euskal izen gisa hartuak izan, bere gaztelaniazko izaera osorik gorde dutelako. Koldo Mitxelenaren esanetan, -‘ana’ atzizkiak, eraikitako biztanle-guneak dituen lekua esan nahi du. Ondorioz, Sopela herri-izenak “Txopek (Loperen txikigarria) eraikitako lekua” esan nahiko luke. Beraz, ‘Txope’ horren aipamena izan daiteke ‘Txopelana’.

Antzinako agirietan “Zopelana” izena agertzen da                                                                                                                                                                                                                       Brockporten New York-eko Estatuko Unibertsitateko hizkuntza modernoen Katedradun Grace de Jesus Alvarez emakumeak –‘ana’ atzizkiaren esangura berresten du; horregatik, ‘Lope’ izenari buruz egiten den aipamena kontuan hartzekoa da.

Bestetik, agirietan idatzita ikus daitekeenez, Sopelaren beste jatorri bat ere aurkitu dezakegu “Zopelana” moduan.

Prozesuaren aurrekariak eta Euskaltzaindiaren babesa     
2012ko azaroaren 29an, Saioa Villanueva Sopelako alkateak, Euskaltzaindiari gutun bat bidali zion, udalerriko izen ofizialarekin lotura zuten txosten guztiak udalean jasotzeko asmoz. Euskaltzaindiak, dokumentazio guztia bidali zuen, eta udalerriko izen zuzena ‘Sopela’ dela berretsi zuen. Hortaz, Sopelako Udalbatzak izen aldaketarako prozedurarekin hastea erabaki zuen, eta proposamena Euskara, Hezkuntza eta Kultura Batzordean aurkeztu zuten pasaden urtarrilaren 21ean.

2013ko otsailaren 28an, ohiko udalbatzaren gehiengo absolutuak, udalerriko izen ofizialaren aldaketako prozedurarekin hastea erabaki zuen. Ondorioz, herriko izena euskararen erabileraren araudira egokitzeko prozesua martxan jarri zen.       
1979. urtean, Euskaltzaindiak osatutako ‘Euskal Herriko Udalen izendegian’, Euskaltzaindiak onartu eta gomendatu zuen herriaren izena ‘Sopela’ zela.
Handik urte batzuetara, 1986. urtean, erabaki hori Euskal Herriko Euskal Autonomia Erkidegoko herrien izendegian berretsi zuen.
1987. urteko urriaren 28an, Onomastika Batzordeko Idazkari eta Euskaltzaindiko Lehendakari ordeak, Jose Luis Lizundiak, irizpena eman eta Sopelara bidali zuen, Sopelako Udalerriaren izenean, euskal era akademikoa ‘Sopela’ dela argituz, ‘Sopela’ delako eskualdeko euskaldunek herria izendatzeko erabili duten betiko forma, toponomastikaren arau orokorrari jarraituz. Beraz, bokalen arteko ‘n’-a orain dela asko galdu zen.

Azkenik, 1997. urtean, Euskaltzaindiak irizpen berri bat eman zuen aurrekoa berretsiz, baina garaiko Sopelako alkateak (EAJ), Imanol Garaik, alde batera utzi zuen, ez zuelako udalerriaren izena aldatzeko asmorik.

Saioa Villanueva, Sopelako alkatea: “Bertakoak direnak, txikitatik Sopela deitu diote herriari, eta ez Sopelana”

Orain arte zergatik ez da proposatu izen aldaketa egiteaImagen?

Aurreko alderdiak ez zuen izenik aldatu nahi, baina 2011ko hauteskundeetan Gobernu aldaketa bat egon zenez, honen inguruko lanketa bategiten hasi ginen gure kabuz. Euskaltzaindiari Sopelari buruzko informazio guztia eskatu genion, eta, azkenean, udalbatzak izen aldaketaren proposamena onartu egin zuen. Orri ofizialetan ‘Sopelana’ jartzen du oraindik ere, legez, hori jarri behar duelako. Prozesu administratibo guztietan bezala denbora asko behar da izenaren aldaketa burutzeko, bi urte irautera hel daiteke.

Zergatik aldatu nahi duzue herriaren izena?

Gure hizkuntza euskara denez, herri euskaldun batek izen euskaldun bat izan beharko lukeela uste dugu. Bertakoak direnak, txikitatik Sopela deitu diote herriari, eta ez ‘Sopelana’, nahiz eta azken urteotan ia-ia derrigorrezkoa bihurtu den ‘Sopelana’ deitzea. Euskaraz, herri honen izena Sopela izan da betidanik, eta Euskaltzaindiak ere horrela azaltzen du.

Eusko jaurlaritzaren babesa izan duzue prozesua martxan jartzeko.

Euskaltzaindiarekin batera lana nahiko aurreratuta genuen.  Hala ere, esan beharra daukat Eusko Jaurlaritzak bidali zigun gutun horrek indar gehiago eman zigula, bere babesarekin askoz errazagoa izan zelako aurrera egitea.

Kasu honetan ez da galdeketarik egin, herritarren iritzia zein den kontuan hartzeko.

Urte askotako aldarrikapena izan denez, proposamena zuzenean udalbatzarrean aurkeztea erabaki genuen, denbora alferrik ez galtzeko. Galdeketa bat egin zitekeen, baina kontuan izan behar da Sopelan orain dela 20-25 urte zegoen egoera eta gaur egun dagoena guztiz bestelakoak direla. Izan ere, kanpotar asko etorri dira; Bilbotik, Getxotik eta inguruko beste herrietatik ere bai. Askok  proposamenaren alde egongo liratekeela esango nuke, batez ere betidanik Sopelan bizi izan direnak, baina Sopelako biztanleria asko aldatu da, eta herrira etorri berri direnek ‘Sopelana’ izenez ezagutu dute.

Mikel Gorrotxategi, Euskaltzaindiako Onomastika Batzordeko idazkaria: “Agintean daudenak legea betetzeko beharra ikusi dute, eta, batez ere, euskarari leku bat emateko beharra”

Imagen

Zergatik Sopela eta ez ‘Sopelana’?

Azkeneko 1500 urteetan herriaren izena ez da ‘Sopelana’ izan, baina euskara ez denez inoiz administrazioen hizkuntza izan, hori ez da paper ofizialetan islatu, paper guztiak gaztelaniaz idatzi baitira. Administrazioek erabilitako hizkuntza bakarrak latina eta gaztelera izan dira beti, berdin dio zibilak edo elizaren administrazioak, sekula ere ez dute euskara erabili. Hori dela eta, Vitoria edo San Sebastian agertzen den bezala, gure agiri guztietan Sopelana agertzen da.

Beraz, amaierako -“na” hori aspaldi galdu zen.

‘Sopelana’, Sopela bihurtzea euskararen arau fonetiko bategatik da. Euskara zaharrak bi ‘n’ mota zeuzkan, latinak bezala: bata ‘n’ apala esan genezakeena eta bestea ‘n’ gogorra. ‘N’ horiek, dokumentazio zaharrean ‘n’ bikoitz moduan idazten ziren askotan, baina, euskarak, hizkuntza guztiek bezala, bere ahoskatze sistema aldatu zuen, eta ‘n‘ bakar batera moldatu zuen hizkuntza. Horren ondorioz, ‘n’ biguna desagertu egin zen eta toponimoetan ‘n’ gogorra geratu zen.

Noiz gertatu zen hori?

Orain dela 1000 edota 1500 urte Euskal toponimian eta euskal hitzetan gertatutako aldaketa izan zen, Euskaraz, beste hizkuntzetatik hartutako hitzetan. Adibidez; ardanotik > ardoa sortu zen; Kanpanatik > kanpaia, baina kanpandorre esaten da, eta, horrek, erakusten digu antzina, bertan ‘n’ bat zegoela. Latinetik hartu genituen hitz guztiei aplikatu zitzaien lege hau, baina erromantzezko hitzei ez zitzaien aplikatu. Horrek esan nahi du latina hitz egiten zen garaian burutu zela aldaketa hori, latinetik hartu genituen hitzei aplikatu genielako araua, baina ez gaztelaniatik edo frantsesetik hartutako hitzei. Dokumentazio zaharretan salbuespenak ere agertzen dira. Sopelaren kasuan adibidez, aipu dokumentalak daude eta ‘Sopelabaso’ izena agertzen da, ez ‘Sopelanabaso’. Izen-deituren kasuan ere, elizako administrazioak ez du inoiz ‘Sopelana’ erabili. Deituretan euskal izenak agertzen dira, urrutira joandako euskaldunek Sopela erabiltzen zutelako eta hala agertzen zelako bataio agirietan, baina administrazioak beti zuzentzen duenez, egun bakarrik ‘Sopelana’ agertzen da.

Euskaltzaindian noiz hasi zineten prozesu honekin?

Euskaltzaindiak 1979.urtean herriaren izen zuzena Sopela zela, eta ofizialki hori agertu behar zela, esan zuen. Bere garaian, udalak agiri bat eskatu zion Euskaltzaindiari, baina honek ez zuen aintzat hartu agiriak esandakoa. Urteak pasa ostean, udalarekin harremanetan jarri ginen berriz ere, baina orain arte agintean egon direnek ez zuten egokia edota beharrezkoa ikusten udalerriaren izena aldatzea. Arrazoi historikoengatik ez zen aldatu, baina, orain, udalean aldaketa bat eman da eta agintean daudenak legea betetzeko beharra ikusi dute, eta, batez ere, euskarari leku bat emateko beharra.

EAJ alderdiaren ikuspuntua

EAJ alderdiak gai honen inguruan zerikusi handia du. 1979. urtean, orain dela 34 urte, Euskaltzaindiak txosten bat egin eta Sopelako Udalari bidali zion. Momentu hartan, EAJ alderdia aurkitzen zen Sopelako Udaletxean. Txosten horretan, euskarazko izen ofiziala Sopela dela adierazten zen, baina garai hartako alkatea, Imanol Garaik ez zuen horrela ikusten eta ‘Sopelana’ Udalerriko izena mantendu egin zuen. Horrela ba, Euskaltzaindiak egindako proposamen horri ez zitzaion kasurik egin eta ondorioz, alde batera utzi zen gaia.

Hala ere, 2013. urtean, EAJ alderdiak izen aldaketaren prozesu honi baiezko botoa eman dio. Honen inguruan Leire Basaurik, Sopelako EAJko bozeramailea eta kultur, euskara eta hezkuntzako zinegotziak, bere iritzia eta EAJk duen iritzia eman zuen.

Leire Basaurik, Euskaltzaindiak bidalitako informazio eta txosten guztiak kontuan hartzen ditu. Bertan, Euskaltzaindiak euskarazko forma egokia Sopela eta ez ‘Sopelana’ dela adierazten du. Otsailean egindako udal bileran, EAJk bere baiezko botoa eman zuen, baina orain arte, edota karguan egon diren denbora tarte horretan ez dute izena aldatzeko proposamenik egin. Euskaltzaindiak txostenak bidali zizkion eta behin baino gehiagotan harremanetan jarri ziren udalean zeudenean, emaitzarik lortu gabe. EAJko alderdiaren barnean, “beraien sentimenduak” medio daudela adierazi zuen Leire Basaurik, eta horrek alderdiaren aurkitzen diren “zinegotzien arteko gatazkak edota tira-birak sortu ditu”. Alde batetik, Sopela defendatzen dutenak daude, eta, bestetik, ‘Sopelana’ defendatzen dutenak. Ondorioz, alderdian dagoen “eztabaidak irekita” jarraitzen duela azaldu zuen, baina “Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak bidalitako txostenen ondorioz, erabaki bat hartu behar” izan zuten egun batetik bestera, honen inguruan hitz egiteko denbora nahikorik izan gabe.

Leire Basauriren esanetan, gai honen inguruko erabakia hartzean, “herritarrak kontuan” izan ditu. Era berean, bozketa baten bitartez herritarrei izena aldatzea aukeratzeko eskubidea ematea “ideia on bat izango litzatekeela” adierazi zuen, “gai honen inguruan herritarrek pentsatzen dutena jakiteko”. Hala ere, herritarrei izenaren inguruko “informazio guztia plazaratzea beharrezkoa” litzatekeela dio, “askok ez dakitelako nondik datorren herriaren izena”.

Azkenik, pertsona bakoitzak pentsatzen edo sentitzen duenarekiko errespetua izan behar dela adierazi zuen EAJko bozeramaileak, eta honekin batera, leku guztietan Sopela ofizialki jarri arren, “bakoitzak sentitzen duen bezala erabili dezala” adierazi zuen. Hala ere, Sopela ofizialki erabiltzea “ondo” ikusten duela berretsi zuen.

Herritarren iritzia

Herritarren artean, iritzia nahiko kontrajarria dago. Izan ere, gehiengo batek bere egunerokotasunean udalerria ‘Sopelana’ -eta ez Sopela- izendatzen duela adierazi du:

Imagen

Sopelan, 2013ko maiatza.


Advertisements
Post hau Erreportajeak atalean eta , , , , , , , , , , , laburpen hitzekin publikatua izan da. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzuna

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s