Euskararen doinuak

baga

Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, Bilboko Metroak ‘Baga, Biga, Higa’ ikuskizunera gonbidatu ditu erabiltzaileak. Eñaut Elorrieta eta Mikel Markezen emanaldirako aukeratutako eszenatokia oso berezia izan da; Bilboko Itsasadarra Itsas Museoko inguruetan lasaitasun handia atzematen baita.

18:00ak aldera, jesarleku dezente hutsik zeuden oraindik. Dena dela, pixkana jende gehiago hurbildu zen Areto Nagusira, gehien bat lanetik irten ziren gurasoak eta haien seme-alabak. Ordu laurden geroago, ateak itxi eta argiak jaitsi zituzten: isiltasuna zen nagusi. Eñaut Elorrieta eta Mikel Markez eszenatokira igo bezain pronto, bertaratutakoek mugikorrak poltsikotik atera eta argazkiak atera zituzten.

Ume askori aurpegi ezagunak egin zitzaizkien, eta horri buruz hitz egiten hasi ziren haien artean. Oholtza gainean, Eñaut Elorrietak bertaratutakoak agurtu eta emanaldiaren nondik norakoak azaldu zituen. Euskal musikaren historia bost ataletan banatu zuten; 60. hamarkadatik hasita, gaur egunera arteko ibilbidea eginez. Era berean, hamarkada bakoitza, garai horretan musika entzuteko erabilitako euskarri fisikoarekin lotu zuten.

Lehenbizi, hamarkada bakoitzaren testuinguru historikoa aztertu zuten, euskal kantuetako mezuetan eta estetikan horren isla antzeman daitekeelako.  Ondoren, disko esanguratsuenetako portadak erakutsi zituzten eta horiekin lotutako bideo txikiak tartekatu zituzten. Hamarkada bakoitzaren errepasoarekin bukatzeko,  Mikel Markezek eta Eñaut Elorrietak hamarkada horretako abesti esanguratsuenetariko bat abestu zuten.

60. hamarkada baino lehen, ahoz-aho transmititzen ziren euskarazko abestiak, ez zegoelako euskarri fisikorik. Baina kantu horien mezua erabat aldatuz zihoan pertsona batetik bestera pasatzean, azken finean ‘telefono hautsiaren jokoa’ balira bezala zabaltzen zirelako abestiak. Ez zegoen abesti bat grabatzeko modurik, beraz, kantu bat denboran irauteko modu bakarra ahoz-aho zabaltzea zen. Horren adibide, Elorrietak eta Markezek zuzenean abestu zuten Eperra izeneko kanta ezaguna da:

Eperra: Eperrak badituzu bere bi hegalak / Bai eta bürün gainin kokarda ejer bat / Zük ere balinbazünü gaztetarsün ejer bat / Neskatilen gogatzeko bilo holli pollit bat.

Amorosak behar lüke izan lotsa gabe / Gaiaz ebiltia ez üken herabe / Egünaz ebiltia desohore leike / Txoriak ere oro haier soz dirade.

Frankismoaren garaian, 60. hamarkadan, zentsura ezarri zuten. Hori dela eta, euskarazko abesti guztiak zentsore baten aurretik pasatu behar ziren publikatu aurretik eta hark esan behar zuen kantatu zitezkeen edo ez. Garai horretan bizi zuten egoera aldatzeko gogo handiak zeuden eta asmo honekin, Ez Dok Amairu talde ospetsua sortu zen (70. Hamarkadan desegin zena barne desadostasunengatik). Baita ere, Mikel Laboaren Txoria Txori abesti ezaguna. Hamarkada honetan, binilo diskoa izan zen erabilitako euskarri fisikoa. Biniloen garaian, artista plastikoek diseinatzen zituzten diskoen portadak.

80. hamarkadako abestiek aurreko garaiekin apurketa bilatzen zuten. Artistek, kantu oso laburrak sortu zituzten Casetten aroan. Hamarkada honetan gainera, Lau teilatu abestiak goia jo zuen, 1939. urtean sortu zen arren. Horregatik, hamarkada honen errepasoa egiteko Eñaut Elorrietak eta Mikel Markezek Lau teilatu abestia aukeratu zuten zuzenean kantatzeko. Une horretan, Areto Nagusian bildu ziren pertsona guztiek haiekin bat egin zuten:

Lau teilatu: Lau teilatu gainian / ilargia erdian eta zu / goruntz begira, / zure keia eskuetan / putzara batekin… putz!

Neregana etorriko da / ta berriz izango gara / zoriontsu / edozein herriko jaixetan.

Kantu honek bertaratutakoak nabarmen hunkitu zituen. Abestia bukatu orduko, txalo zaparrada jaso zuten bi artistek.

90. hamarkadako talde eta bakarlari berriek aurreko hamarkadak izan zituzten kontuan euren edukiak sortzeko orduan. Estilo aniztasuna izan zen nagusi hamarkada honetan. Adibidez, Su Ta Gar talde rockeroak, Haika Mutil kantuaren bertsio propioa egin zuen. Taldeak euren estetika zaintzen hasi ziren CD-en garai honetan.

90. urtean berriz, Trikitixaren eklosioa eman zen pop eta rock formatuetara bideratua. Horien adibide Alaitz eta Maider edo Gozategi talde ospetsuak dira. Bertsolariek ere diskoak grabatzen hasi ziren garai honetan. Musika estudio berri ugari sortu ziren eta diskoen azalak ordenagailuz egiten hasi ziren, diseinu eta grafia landuagoak lortuz.

Gaur egungo hamarkada errepasatu ostean, Mikel Markezek, zure begiek abesti ospetsua kantatu eta 16 urte besterik ez zituenean sortu zuela azaldu zuen. Bere esanetan: “neska batekin maiteminduta nengoen”. Horrek, jendearen barreak eragin zituen.

Jarraian, Eñaut Elorrietak egungo egoera erreparatu zuen eta interneten etorrerak kultura musikala “guztiz aldatu” duela azaldu zuen; “kontsumitzekoa zein sortzekoa ere”. Izan ere, oraindik iraultza batean gaude, ez dakigu nora goaz, “aldaketak oso azkar ematen ari dira eta oso sakonki”, zioen Elorrietak.

Bestalde, euskarazko ekoizpenari dagokionez, 2004. urtetik hona,  mila diskotik gora argitaratu direla gaineratu zuen. Zentzu horretan, entzuleei esker euskal kantagintza “osasuntsu” dagoela esan genezake. Jarraian, Ken Zazpi taldearen Gernika abestia kantatu zuen Eñaut Elorrietak. Abesti honekin, jendearen erabateko isiltasuna lortu zuen.

20:00ak aldera heldu zen emanaldiari amaiera emateko unea. Eñaut Elorrietak eta Mikel Markezek Baga, Biga Higa abestia kantatu zuten. Jendea txunditurik geratu eta luze txalotu zuten. Mikel Markezek hartu zuen hitza, “Mila esker etortzeagatik eta nahi duzuenera arte!”.

Irribarre bat ezpainetan eta euskara ahoan, bertaratutako ume eta guraso guztiek gutxinaka lekua husten joan ziren. Horietako askok bi artistekin argazkiak ateratzeko aukera aprobetxatu zuten.

Advertisements
Post hau Kronikak atalean eta , , , , , , , , , , laburpen hitzekin publikatua izan da. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.