Iratxe Etxebarria: “Gure erreferentziazko iturriak nazioartekoak izan behar dira”

Leioako GKZn Fakultatean emandako hitzaldi dinamiko batean, bere ibilbidea errepasatu du eta bizi izandako esperientzia ugari kontatu dizkie kazetaritzako hirugarren mailako ikasleei.

Gaur egungo kazetari baten iturri nagusiak kanpoko hedabideak izan behar direla azpimarratu du Euskadi Irratiko berriemaile gazteak. Baina nazioarteko hedabideek diotena ulertzeko, kazetari batek hizkuntzak menperatu behar dituela dio. Bere aburuz, ingelesa ikastea “funtsezkoa” da, eta denbora izanez gero, beste hizkuntza bat ikastea gomendatu die ikasleei. Izan ere, “kazetaritzaren abangoardian dauden hedabideak New Yorkekoak edota Londresekoak dira; ez Espainiako El mundo edo El pais bezalako hedabideak”.

Azken urteotan, “multimedia kazetariaren profila nagusitzen ari da”, batez ere freelance moduan lan egiten duten gazteen artean. Gaurkoa gainera, ez da kazetaria izateko momenturik onena, nahiz eta kazetaritza betidanik txarto zaindua eta gutxi maitatua izan den. Hala ere, Iratxe Etxebarriaren esanetan, “ez dago zertan Berrian idatzi behar, medio digital ugari sortzen ari dira”. Kazetaritza, gainera, “izateko modu bat da”, ez da lanbide bat, ez diozulako inoiz uko egingo kazetaria izateari.

Unibertsitatean, “zoritxarrez”, ez zuten lokutatzen ikasteko aukerarik izan, eta irratira heldu zenean, “kronikak, azken orduko albisteak, atentatuak edota atxiloketak, ipuin bat izango balira” irakurtzen zituzten.  Milaka albiste idatzi bazituzten ere, inork ez zien lokutatzen irakatsi. Hori dela eta, esperientziarekin eta inguruan zituzten profesionalen laguntzarekin “apurka-apurka” lokutatzen ikasi dute.

Irratian bekadun sartu bazen ere, urte eta erdi geroago lehen kontratua sinatu zuen. Denbora honetan, denetarik egiteko aukera izan du; baita ere leku desberdinak ezagutzeko aukera. Horietako batzuk Gasteizko legebiltzarra, Madrilgo Audientzia Nazionala, Brusela edota Bilbo dira. Bruselan zegoela, gaur egun soberan ezagunak diren TROIKA bezalako terminoak sortu ziren, krisiak bete-betean harrapatu baitzuen.

Euskadi Irratian ibili da azken hamasei urte hauetan, eta ondo baino hobeto daki zer den kazetari batek izan behar duena: “Kreatiboa eta diferentea izateaz gain, pasioarekin egin behar du lan”. Iratxe Etxebarriaren esanetan, gainera, “kazetariaren jakintza ozeano baten besteko zabala da, baina zentimetro bateko sakontasuna duena.”

Eguneroko lanari dagokionez ere hitz egiteko aukera izan du Iratxe Etxebarriak. Marsellako fiskalak emandako prentsaurrekoaren inguruan, Bilbon dagoenetik “profesionalki egunik interesanteena” izan zela adierazi du. Izan ere, lanean goizeko seietan sartu eta, nazioarteko gaiak kontsultatu ostean, hamabi eta erdietan Marseillako fiskalak prentsaurreko bat emango zuela jakinarazi zioten. New York Timesek aurreratu zuen bezala, kopilotuak bakarrik zegoela aprobetxatu zuen hegazkina lehertzeko. Frantziako komunikabideen bitartez jarraitu behar izan zuen prentsaurrekoa Iratxe Etxebarriak, “dardaraka” zegoelarik.

Albistegia hasteko hamabost minutu besterik ez zirenean falta, hori lehen albistea zela abisatu zioten. Presaka, “entzun, korteak atera, sarrera egin eta zuzenean antenara joan” behar izan zuen. Baina prentsaurrekoa entzuten zegoela, Relatos salvajes pelikulaz besterik ez zen gogoratzen. Ondorioz, “inoiz ez” idatzi beharko litzatekeen moduan idatzi zuen bere kronikaren sarrera: “Marseillako fiskalaren hitzak entzun ahala, Damian Szifron-en Relatos salvajes pelikula etorri zaigu burura”.

Edozein modutan ere, Iratxe Etxebarriak kronika bat  “modu indartsuan hasi eta borobilean itxi” behar dugula dio. Baina hasiera indartsua izateko, eta amaiera borobila, arnasa triparekin hartzea inportantea da, ezin baita kontaketa moztu. Kontrola izateko altuz irakurtzea komeni da. Bere kronika, Relatos salvajes pelikulari erreferentzia eginez bukatu zuen, “errealitatea fikzioari gailendu zaio berriz ere”.

Irratigintzan, hitzen bitartez erakutsi behar zaio entzuleari nolakoa den mundua, deskribapenen bitartez. Era berean, irratian egiten den idazkera modua, lokutatzeko zuzenduta dago. Izan ere, telebistan edota prentsan irudiak daude, eta ez da hitzik behar, ikusten da, baina irratian ez. Iratxe Etxebarriak argi dauka eguneroko informatiboetan “entzulearen begiak” bihurtzen direla berriemaileak. Kronika askoren berezitasuna beraz, irudien deskribapenean datza.

Berriemaile honek hiru minutu ditu munduko gertaera esanguratsuenak errepasatzeko, eta, ondorioz, bere lana luzitzeko. Hori dela eta, estudiora sartzean, antenan sartu aurretik “gutxienez pare bat aldiz” irakurtzen du lokutatuko duen testua. Hala ere, “antenan ez da testua irakurtzen, horren gaineko interpretazio bat egiten da”. Orduan, oso ondo jakin behar da zergatik dagoen koma bat edo puntu suspensibo batzuk. Euskadi Irratiko kazetariaren esanetan, garrantzitsua da norberak idatzitako albistea kontrolatzea.

Albistegietan euskara batuan egiten badu ere, tertulietan edota beste genero lasaiagoetan bizkaieraz hitz egiteko joera duela azaldu du Iratxe Etxebarriak. Horrela gauzak, euskalkiak erabiltzearen aldeko apustua egiten du, “euskararen aberastasunari garrantzia handiagoa ematen zaiolako”. Arratiakoa izanik, bide honetatik jarraituz gero laster galduko diren hitz asko faltan botako dituela gaineratu du: “Erdia ez ditut ezagutzen, eta nire seme-alabek ez dituzte ezagutu ere egingo”. Horregatik, irratiak hitz horiek berreskuratzeko orduan duen funtzioa azpimarratu nahi izan du.

Advertisements
Post hau Hitzaldiak atalean eta , , , laburpen hitzekin publikatua izan da. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzuna

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s