Ametsak betetzen direnean…

Constantinori asko gustatzen zaio hitz egitea. 37 urte besterik ez baditu ere, kontatzeko dituen bizipenak amaigabeak dira. Duela hamar urte Algortara heldu zen, etorkizun hobeago baten bila. Etorkin gehienek bezala, “lan hobea eta soldata altuagoa lortzeko esperantzarekin” utzi zuen bere hiria, Bukarest. Bere lehentasuna,  hilabetearen amaieran 250 euro irabaztetik, gutxienez 700 eurotara iristea zen.

Haurtzaro “arrunta” izan duela dio Constantinok. Txikia zenean  bere gurasoak banandu ziren, eta, ondorioz, arrebarekin batera amaren etxean hazi egin zen. Amak, fabrika batean egiten zuen lan, eta jasotzen zuen soldata “normala” zen. Horri esker inoiz ez zaie ezer faltatu, eta, egun, egindako esfortzu  hura guztia eskertzen  diote.

Hamabi urte besterik ez zituela, Errumaniako Iraultza gauzatu zen. Une haietan Bukarest oso kaltetuta zegoen ekonomikoki, eta amari nolabait ere lagundu behar ziola ohartu zen. Egoera oso latza zen; ez zuen dirurik gogoko kamiseta bakar bat ere erosteko. Hori dela eta, Constantinok eskolara joaten jarraitu zuen Batxilergora arte. Lanean zegoela emakume gazte bat ezagutu eta berehala maitemindu zen hartaz. Hiru urte batera igaro ondoren Espainiara etortzeko ideiarekin amestu zuten; bizi kalitate duin batekin.

Gaur egun bere emaztea denak, 2005.urtean marrubiak jasotzeko hiru hilabetetako kontratu bat lortu zuen, eta horri esker etorri zen Huelvara, Palos de la Frontera hiri ezagunera. Hilean, 1.000 euro irabazten bazituen ere, hiru hilabetez aurrezten egon zen; etorkizun hurbileko ezkontza, Constantinoren bidai txartela eta etxearen alokairua ordaintzeko. Hiru hilabete geroago, Bukarestetik autobusez etorri zen Constantino, 2.925 kilometroak hiru egunetan burutuz.

Marrubiak jasotzeko kontratua bukatu zitzaionean, Algortara etortzea erabaki zuten, Constantinoren emazteak Bukaresteko umezurztegi batetik ezagutzen zuen lagun min baten etxera. Hilean 850 euroko kuota ordaintzen ziotenez, bien lehentasuna lana aurkitzea zen. Lagun honek Constantinori eraikuntzaren munduan lana aurkitzen lagundu zion. Emazteak, berriz, umeak zaintzen lortu zuen lana. Constantinok, zortzi hilabete eman zituen ingeniari batekin batera Mungiako etxe oso bat konpontzen.

Ez bazioten “askorik ordaintzen” ere, denbora horretan asko ikasi zuen. Baina Constantino ez zegoen oso gustura lan horrekin: “Kontraturik gabe nengoen, eta hilean soilik bi astetan egiten nuen lan”. Hala ere, pixkanaka hizkuntza eta materialen izenak ikasten joan zen. Hasieran lan txikiak burutzen bazituen ere, konfiantza hartuz joan zen, eta denboraren poderioz, erreforma sakonak egiteko gai ikusi zuen bere burua. Horregatik, bere kabuz lan berriak bilatzen hasi zen, eta nagusiari horren berri eman zionean laguntza eskaini zion. Horrela gauzak: “ezagunen etxeetan konponketa txikiak egiten hasi nintzen, eta emaitzarekin gustura gelditzen zirenez, euren ezagunei nire inguruan hitz egiten zieten”.

Dagoeneko hamar urte igaro dira bere hiria utzi eta bidai berria hasi zuenetik. Bizitzan lortutako guztia, bere kabuz lortzen saiatu da beti: “Askotan zaila izan da, gurasorik ez dugulako, baina aurrera jarraitzen jakin izan dugu beti”. Gaur egun bi alaba dituzte, 8 eta 3 urtekoak. Klasekideekin ondo konpontzen diren einean, euskararekin ere oso ongi moldatzen dira. “Besteek baino ordu gehiago eman behar dituzte ikasten, guk ezin diegulako lagundu, baina irakasleak oso pozik daude beraiekin”.

Aurreiritziak

Bertakoek ere ahal izan duten neurrian lagundu diete beti, “gomendioak emanez; alabak erroldatzeko orduan edota lana eskainiz”. Baina beste batzuetan, aurreiritziei aurre egin behar izan diete. Constantinok uste du etorkin bat aurrenekoz ikustean, automatikoki aurreiritziak sortzen ditugula, ondoan dugun pertsona ezagutzeko  interesik gabe. Lapurtzeko asmoarekin etortzen diren errumaniar asko daudela aitortzen du: “eta hori gainontzekook ordaindu behar dugun prezioa da hona etortzeagatik”. Etorri berriak zirenean, ingurukoak ez ziren haietaz fidatzen, eta bere emaztea denda batean sartu zenean, bertatik bota zuten, lapurtzeko sartu zela pentsatzen zutelako. Emakumea azalpenak ematen saiatu bazen ere, entzungor egin zuten eta hitzik esan gabe kanporatu zuten. Etxera heldu arte sortutako amorruagatik negar egiteko gogoei eustea lortu zuen, baino azkenean, tentsio hori dela eta eztanda egin zuen. Constantinok ulertu ezin duen gauza bakarra jendeak sortzen dituen “aurreiritziak” dira.

Kontu hauek albo batera utzita, oso pozik daude, eta egiten duten balorazioa, “goranzkoa” da, zalantzarik gabe. Izan ere, erraz egokitu dira gizarte berri honetara, bereziki jaso duten laguntzari esker. Hala ere, ezagutzen dituzten beste lagun batzuk arazo gehiago izan dituzte gizarteratzeko orduan. Askok ez dute lanik aurkitu, eta Errumaniara itzuli behar izan dira.

Betetzeke dagoen ametsa

Constantinoren hasierako helburua dirua aurreztea zen, ondoren Bukarestera itzultzeko. Ideia horrekin etorri zen hona, baina Errumaniara bidaiatzen duen bakoitzean, “Euskadin hobeto” bizi dela konturatzen da, “soldatak altuagoak direlako”. Gainera, bere ezagunek laguntza eskatzen diote behin eta berriro. Kontu hauek, zentzu batean bada ere, “ikara sortzen” diote. Hori dela eta, gero eta gehiago kostatzen zaio bere herrira itzultzeko gogoak berpiztea: “Une hauetan ezin genezake itzulera data zehatzik jarri, eta, orain, are gutxiago; gure alaben etorkizuna jokoan dagoelako”.

Beraz, zentzu handi batean bere ametsa bete dute, baina ez osorik. Denborarekin konturatu dira bizitza ez dela hain erraza. Horregatik, segurtasun gehiago lortzen dutenera arte bertan gelditzea pentsatu dute, ondoren aztertzeko zein erabaki hartu. Etorkizunari begira, soilik hiru gauza eskatzen dituzte: “Osasuna, dirua eta gure ametsak betetzen jarrai daitezen”. Hamar urte hauetan diru nahikoa aurrezteko aukera izan badute ere, Bukaresten bizirik mantentzeko besterik ez zuten irabazten, ezin zuten etorkizuna imajinatu.

Diru-laguntzak

Politikariek hartzen dituzten neurriak eskertzen ditu Constantinok. Krisi garaian gainera, gobernuak bere herritarren interesak lehenesten ditu, eta, ondoren, etorkinen beharrak aztertzen ditu. “Normala da politikari batzuk laguntzak murriztu behar direla pentsatzea, etorkin askok horietaz probetxua ateratzen dutelako. Baita ere uler dezaket lehenengo bertako herritarrei lana eskaintzea”. Hala ere, dirua faltan izan dutenean diru-laguntza horiek oso ondo etorri zaizkie, behintzat, “diru pixka bat aurreztu ahal izateko”. Hortaz, nahiz eta  laguntza bikoitza lortzeko helburu bakarrekin pertsona batzuk dibortziatzen diren,  Constantinok argi dauka: “Diru laguntza horiekin asko lagundu gaituzte”.

1989ko Errumaniako iraultza

1989ko abenduaren 17an aldaketa gogoak “eztanda” egin zuten Errumanian. Ehunka hiritar manifestatu ziren Timisoara hirian, gobernuan zegoen erregimenarekin kritikoa izan zen artzain ebanjeliko baten kaleratze baten kontra. Gobernuak hiritarren kontra bidali zuen polizia, eta ehunka hildako egon ziren. Ondorioz, inguruko hirietara zabaldu ziren protestak. Ceaucescuk entzungor egin zuen, eta, abenduaren 21ean, poliziak hiritarren kontra aritu ziren berriz ere. Baina militar askok manifestarien alde agertu ziren hurrengo egunean, eta ondorioz, Ceaucescuk eta bere emazteak (Elena) ihes egitea erabaki zuten. Helikoptero bat hartzea lortu bazuten ere, Targoviste hirian harrapatu zituzten, eta epaiketa arin batean kondenatu zituzten. Epaitu ostean, segituko exekuzioa izan zuten. Azkenik, 1990eko maiatzaren 20an hauteskundeak ospatu ziren.

Advertisements
Post hau Erreportajeak atalean eta , , laburpen hitzekin publikatua izan da. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s