Garbiñe Biurrun: “Pertsona orok izan beharko luke bizi proiektu duina garatzeko eskubidea”

Lanbide guztiek dituzte alde onak eta txarrak. Dena den, gaur egun inoiz baino zailagoa da lanpostu bati uko egitea, are gehiago umeen etorkizuna jokoan dagoenean edota familiako kide guztiak lanik gabe geratzen direnean.

Krisia piztu zenetik kaleratze ugari daude egunero, eta badirudi boterean daudenei ez zaiela komeni egoera honekin bukatu dezakeen neurririk hartzea. Kasu askotan, gainera, bere buruaz beste egitera behartuta sentitu dira kaleratuak; epaile batek erabakia hartu aurretik.

Gainera, justiziaren independentzia zalantzan jarri da askotan, batez ere epaileen alderdikeria agerian geratu denean. Garbiñe Biurrun EAEko Auzitegi Nagusiko magistratuaren arabera, “epaileek ez dute inolako presiorik jasotzen”, baina egoera hobetzeko gauza asko aldatu behar direla dio.

GARBIÑE BIURRUN MANCISIDOR | Epailea eta irakaslea
1960an jaio zen, Tolosan. Gaztea zenean abokatua izateko grina piztu zitzaion, baina bere ingurukoak ez zetozen bat ideia horrekin. Zuzenbide lizentziatura ikasten hasi zenean -1977. urtean-, Donostiako Unibertsitateak (oraindik ez zen EHU sortu) nahiko “fama txarra” zeukan. Dena den, nota onekin batera gurasoen babesa lortu zuen, eta ikasketak bukatu zituenean irakasle bezala lan egiten hasi zen. Handik gutxira desengainu handia hartu zuen eta epaile izateko oposaketak prestatzea erabaki zuen. Gaur egun bi lanbide horiek uztartzen ditu, eta irakaskuntza “funtsezko osagarria” dela deritzo. Gainera, aukera duen guztietan bere iritzia plazaratzea gustuko du, eta kritika ugari jasotzen baditu ere, berarentzat beharrezkoa da gizartearengana hurbiltzea.

Epaitegietan emakumezkoen eta gizonezkoen arteko oreka bermatzen al da?

Azken urteotan emakume gehiago aurkeztu dira epaile izateko oposizioetara. Horrek esan nahi du justizian aldaketa bat ematen ari dela, eta pixkanaka bada ere, ohiturak aldatzen ari direla. Hala ere, botere legegilearen irudiak oraindik gizonezkoaren aurpegia du, eta adibide bat jartzearren, argi ikus daiteke gizonezkoen nagusitasuna parlamentuan. Horregatik uste dut gauza asko aldatu behar direla eta betaurreko zuzenak jantzi behar ditugula, benetan gertatzen denaz jabetzeko. Alde horretatik, nire begiak nahiko maskulinoak direla iruditzen zait, jaso dudan heziketagatik batez ere.

Gure gizartea aldatzen ari da, eta oso positiboa iruditzen zait emakumeen presentzia sektore guztietara hedatzea. Zuzenbideko ikasketetako ikasleen profila ere aldatuz doa. Gaur egun emakume gehiago daudela esango nuke. Emakumeen ikuspuntua esparru guztietara eramatea oso positiboa iruditzen zait, erabakiak hartzeko orduan batez ere.

Ezberdintasunik al dago emakume batek edo gizonezko batek emandako epaian?

Norberak bizi izandako esperientziak desberdinak dira eta ukaezina da horrek norbanakoaren sentsibilitatean eragiten duela. Horregatik, interpretazio desberdinak daudela pentsatzen dut. Hala ere, gizonezkoak errealitateaz jabetzen doazela uste dut, eta asko falta bada ere, pixkanaka-pixkanaka beharrezkoa den aldaketa hori ematen  doa.

Alde horretatik, hedabideek berdintasuna lortzeko zer eginik dutela uste al duzu?

Hedabideek ikuspuntu maskulino batetik islatzen dute errealitatea. Normalean kirol talde baten berri ematen dutenean izena besterik ez dute aipatzen, inork ez du pentsatzen emakumeen taldea izan daitekeenik. Adibide horrek argi erakusten du izugarrizko garrantzia ematen zaiela gizonezkoei, eta oso gutxi emakumezkoei. Printzipioz, talde maskulinoaren inguruan ari direla esan beharko lukete, baina ez dute hori egiten. Dena den, ez da soilik hedabideen errua. Ez bazara Garbiñe Muguruza bezalako kirolaria oso zaila izango zaizu arreta lortzea kirol munduan.

Orokorrean ematen den irudia gizonezkoena da. Gobernuaren eraketa negoziatzen ari direnak ere gizonezkoak baitira. Errealitatea horrelakoa da, horregatik uste dut beharrezkoa dela tertulietan behintzat, emakumezkoen ikuspuntua erakustea.

Hedabide publikoek ardura handiago izan beharko lukete, ezta?

Bai, hedabide publikoek gizarte osoaren irudia islatzeko beharra dute. Hausnarketa sakona egin behar da, baina zalantzarik gabe arreta gehiago jarri beharko lukete berdintasunean. Euskadi Irratiak, esaterako, modu nahiko orekatuan ematen du emakume kirolarien berri, eta hori azpimarratzekoa da. Alor guztietan errepikatzen den desoreka hori nolabait murriztu beharko litzateke.

Emakumeen eta Gizonezkoen Berdintasunerako Legea gaurkotu beharra dago?

Lege guztiak gaurkotu behar dira. Izan ere, legea indarrean sartzen denean horren jarraipena egin behar dela deritzot, normalean egiten ez den bezala. Ikerketa lan hori funtsezkoa da legearen inguruko informazioa jasotzeko: nolako eragina izan duen, nolako emaitzak lortu dituen edota benetako helburuak bete dituen. Datu horiek guztiak aztertu ondoren erabaki beharko litzateke legea bere horretan mantentzea egokia den edo gomendagarria den aldatzea. Aurrena, baina, jarraipen hori egin beharra dago.

Indarkeria matxistarekin bukatzeko neurri egokiak hartzen ari dira?

Argi dago ezetz, ez direla arazoaren aurkako neurri egokirik hartzen ari. Eta hori gertatzen jarraitzen den bitartean ez dugu emaitzarik ikusiko. Aipatzekoa da, gainera, Europako herrialde garatuenetan kopuru horrek gora egiten duela. Ez dut uste, beraz, erraza izango denik arazoarekin bukatzea, baino baliteke hezkuntzak aldaketarako bidea ekar lezakeela. Erasotzaileek arazoren bat dute buruan; ez diotelako beldurrik legeari. Askotan, gainera, bere buruaz beste egiten dute emakumea hil ostean. Kasu honetan legeak ez du funtzionatzen. Horregatik, ez daukat zalantzarik aldatu beharra dugula eskoletan hezten dugun gizarte matxista.

Kartzelaren helburua zigortzea besterik ez bada primeran betetzen du, baina kartzelak ez ditu pertsonak birgizarteratzen. Eztabaida luzea dago horren inguruan, eta baliteke zenbait presok euren eskubideak murriztuta ikustea. Gaur egun ez dago zalantzarik espetxeek ez diotela inori aukerarik ematen berriz gizarteratzeko. Kartzelak ez du hori bermatzen, inolaz ere; oztopo bat besterik ez da.

Positiboa al da emakumeak biktima bezala agertzea hedabideetan?

Gauza serioez hitz egiteko orduan gizonezkoak besterik ez dira agertzen. Bestalde, entretenimenduzko gaiak jorratzerakoan emakumeak ageri dira gehien. Eredu horrek zer nolako irudia proiektatzen duen kontuan izan behar dugu. Kasu horietan objektu bihurtzen dira emakumeak.

Ustelkeria albistegietako gai nagusia bilakatu da. Nekeza al da boterearekiko independentzia bermatzea?

Orokorrean, ustelkeriaren aurka lan egiten ari direla esango nuke. Egia da ikerketak asko luzatzen ari direla, baina batzuetan froga guztiak lortzea oso konplikatua da eta guztiz beharrezkoa da ikertzea. Kasu batzuk, oso konplikatuak dira ikertzeko berez, baina, beste batzuetan, alderdiei ez zaie interesatzen justiziarekin kolaboratzea.

Epaitegi arruntetan ez dago presiorik, baina Auzitegi Gorenean, esaterako, alderdi politikoak ordezkaturik daude. Izan ere, beraiek –politikoak- dira kide horiek zuzenean hautatzen dituztenak. Gainera, nahiago badute Auzitegi Gorenak epaitzea zeozergatik izango da. Zenbaitetan badirudi Auzitegi Gorenean beste edozein epaitegi batean emango ez dieten erantzun judiziala emango zaiela. Hori azaldu behar dutela iruditzen zait. Badirudi beste irizpide batzuk jarraitzen direla bertan, izugarrizko irudi txarra sortuz.

Krisia piztu zenetik kaleratze ugari bizi izan dituzu…

Argi dago ez dagoela espazio sozial nahikorik. Krisia piztu aurretik egoera kezkagarria bazen ere, azken urteotan okerrera besterik ez du egin, espazio horiek nabari murriztu direlako. Jendea beldurtuta bizi da gaur egun, lana galtzekotan badakielako gaizki pasako duela eta lan duina aurkitzea asko kostatuko zaiolako. Benetako drama bihurtu dira kaleratzeak, inork ez dakielako nola egin diezaiokeen aurre egoera berri horri, eta jasoko dituen laguntzak eskasak izango direlako. Pertsona hori etsituta sentitu ohi da gehienetan. Horregatik, uste dut estatuak gehiago egin dezakeela, pertsona orok izan beharko lukeelako bizi proiektu duina aurrera eramateko eskubidea. Hori da bermatu beharko litzatekeena.

Krisiak eraginik izan al du Ongizate Estatuan?

Noski baietz. Murrizketak alor guztietan egin dira, eta kaltetuenak, dudarik gabe gutxien dutenak dira. Estatuak zorra ordaintzea lehenetsi du gutxienezko eskubideak bermatzearen kaltetan. Erabaki hori hartzea astakeri galanta iruditzen zait. Ongizate Estatuak zuen zentzua ezabatu dute guztiz.

Esan ohi da epaitegiak “saturatuta” daudela.

EAEn, esaterako, ez dago horrenbesteko saturaziorik. Egia da demandak areagotu egin direla krisiarekin, baina batez beste 6-7 hilabete itxaron behar da. Jendeak ez du asko itxaron behar, eta, batzuetan, denbora behar da ondo epaitu ahal izateko. Kausa penalak ikertzeak denbora eskatzen du, eta funtsezkoa da lana ongi egin ahal izateko. Batzuetan, besteetan baino luzeagoa izango da, baina denbora beti beharrezkoa da zentzuzko epaiketa egin ahal izateko. Ez dago saturaziorik.

Euskararekiko apustua egin duzu askotan. Nolakoa da euskararen egoera Zuzenbidearen arloan?

Euskararen egoera nahiko tristea da orokorrean, eta, esan genezake justizian ia ez duela presentziarik gaur egun. Horrek ez du esan nahi soilik justiziaren errua denik, eragile guztien ardura baita. Esaterako, oso demanda gutxi aurkezten dira euskaraz eta epaiketak oso gutxitan eskatzen dira euskaraz egitea. Gaztelaniazko mundua da nagusi, euskaraz egiteko beharrik ez dagoelako, ez da existitzen behar sozialik. “Auzia euskaraz” izeneko proiektuak auziak euskaraz izapidetzeko helburua du, eta Zuzenbide fakultateetan jende askok ikasten du euskaraz. Pertsona horiek, beraz, gai dira euskarari bere tokia emateko.

Justizia oso mundu iragazgaitza izan da euskararekiko, eta jende askok liskarrarekin lotzen du euskara epaitegietan. Hortaz, jendeari ez dio axola gazteleraz egitea, liskarrak saihesteko bada. Euskarari, eta jendeari, beste modu batean gerturatu behar zaio.

ETA desagertuko da?

Ez dut ulertzen zergatik ez dituzten armak behingoz entregatzen, erakundea zergatik ez den betiko desagertzen, zertara itxaroten ari diren. Ez dut inoiz ulertu ETAren jarrera, eta, uste dut, oztopoa besterik ez dela, presoentzat ere, ez dutelako euren egoera zaintzen.

Espainiako Gobernu aldaketak Euskal Presoen egoera hobetuko du?

Preso guztien egoera Gobernuaren esku dago, baina alde handia dago batak edo besteak eskuratzen duenean agintea. Horregatik, hauteskunde hauek egoera hori hobetzeko balio izatea espero dut.

Roberto Uriartek (Podemos-Ahal Dugu) dio “lehendakarigai ezin hobea” izango zinatekeela. Zer deritzozu? |El Correo (paperean) 2016/02/15 – 29.orria|

Horren inguruan oso gutxi esan dezaket, asko eskertzen diot esandakoa. Konstituzioak dio alderdi politiko baten barne funtzionamendua demokratikoa izan behar duela. Zuzendaritza organoak demokratikoki aukeratu behar du hautagaia, baina, nire ustez, militante guztiek ere euren bozka eman beharko lukete nahi duten hautagaia aukeratzeko.

Zer eskatuko zenioke Lehendakariari?

Justizia Administrazioa oso isolatuta dago euskararekiko, eta justiziaren arloan ere gure hizkuntzaren alde aurrerapausoak eman beharko lirateke. Hala ere, nahiz eta helburu horrekin kanpaina ugari egin, gehiago egin daitekeela pentsatzen dut, gizartea benetan kontzientzia dadin. Justizia Administrazioak argi eta garbi esan behar du: “Euskaraz ere bai!”.

Advertisements
Post hau Elkarrizketak atalean eta , , , , , , , , laburpen hitzekin publikatua izan da. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzuna

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s